Cybasquek Euskadiren lidergoa aldarrikatu du zibersegurtasunean eta lurraldea Europako erreferentziazko hub bihurtzeko apustua egin du

Euskadiko Zibersegurtasun Industrien Elkartearen Batzar Nagusia
  • Euskadi zibersegurtasunaren arloan jardun handiena duten eskualdeen artean dago, Estatuan eta Europan batez bestekoa baino enpresa espezializatu dentsitate handiagoarekin. Testuinguru horretan, Cybasquek ohartarazi du enpresen tamaina handitzea ezinbestekoa dela digitalizazioak, adimen artifizialak eta Europako araudi berriek ekarriko dituzten erronkei eta aukerei erantzuteko.
  • Horretarako, elkarteak bere ibilbide-orria indartu du Euskadik zibersegurtasunaren arloan duen lehiakortasuna sustatzeko, urteko Batzar Nagusian azaldu den bezala.
  • “Elkarlaneko proiektuak sustatzen jarraitu behar dugu, gaitasunak batu eta lankidetza publiko-pribatua indartu. Hemen ez da inor soberan; denok gara beharrezkoak ekosistema sendoago eta lehiakorrago bat eraikitzeko”, azpimarratu du Xabier Mitxelena Cybasqueko presidenteak.

Bilbo, 2026ko ekainaren 8a.– Euskadiko Zibersegurtasun Industrien Elkarteak (Cybasque) Batzar Nagusia euki du Bilbon. Topaketa horretan, azken urtean garatutako ekimen nagusien balantzea egin da eta Euskadiko sektoreak dituen erronkak eta aukerak partekatu dira.​

Bere hitzaldian, Xabier Mitxelena Cybasqueko presidenteak balioa eman dio Euskadiko zibersegurtasun ekosistemak bizi duen uneari eta lurraldearen lidergoa indartzearen beharra defendatu du arlo estrategikoetan, hala nola industria-zibersegurtasunean, adimen artifizialean eta teknologia kuantikoetan. “Garena hobeto baloratu behar dugu. Euskadik gaitasun bereizgarriak eta erreferentziazko ekosistema ditu, baina tamainan eta lankidetzan hazten jarraitu behar dugu aurrean ditugun aukerei erantzuteko”, nabarmendu du.​

Azken ekitaldiko mugarri nagusien artean dago Cybergune abian jartzea, Cybasquek SPRIrekin lankidetzan eta RETECH proiektuen esparruan garatutako Euskadiko zibersegurtasun komunitate birtual berria. Plataformak prestakuntza, baliabide espezializatuak, analisi-tresnak, laguntzei buruzko informazioa eta zibersegurtasun irtenbideen hornitzaileen eta erabiltzaileen arteko lankidetzarako guneak biltzen ditu.

Era berean, elkarteak aurrera egin du zibersegurtasunaren ebaluazio eta sailkapen-tresnen garapenean, enpresek eta erakundeek beren arrisku-maila ezagutu dezaten eta NIS2, DORA, CRA edo ISO 27001 bezalako araudietara egokitzen aurrera egin dezaten.​

Sektore arteko lankidetzaren esparruan, Cybasquek Euskadiko hainbat klusterrekin egindako elkarlana indartu du, zibersegurtasuna euskal ekonomiaren sektore estrategikoetara hurbiltzeko eta gero eta zorrotzagoa den araudi-ingurunera egokitzea errazteko.​

Bestalde, talentua garatzea jarduera-ardatz nagusietako bat izaten jarraitzen du. Elkartea Lanbide Heziketako ikastetxeekin, unibertsitateekin eta ekosistemako hainbat eragilerekin ari da lanean gaitasun profesional berriak sustatzeko eta zibersegurtasuneko espezialisten gero eta eskari handiagoari erantzuteko.​

Europako proiekzioa​

Batzarrean, halaber, euskal ekosistemaren nazioarteko presentzia gero eta handiagoa nabarmendu da. Cybasquek aktiboki parte hartzen du Estatuko eta Europako hainbat ekimenetan eta zibersegurtasunaren arloan lankidetza eta enpresa-azelerazio eredu berriak garatzen ari diren Europako eskualde aitzindarien talde bateko kide da.​

Mitxelenak azaldu duenez, “Euskadik indargune bereizgarriak ditu, hala nola industria-espezializazioa, enpresen, zentro teknologikoen eta unibertsitateen arteko gertutasuna, baita zibersegurtasunean espezializatutako enpresen kontzentrazio handia ere”. Hala ere, ohartarazi du “erronka nagusietako bat sektoreko enpresen tamaina eta gaitasuna handitzea dela, merkatuaren eskaera berriei erantzuteko eta adimen artifizialaren, konputazio kuantikoaren eta Europako burujabetza teknologikoaren arloetan irekitzen diren aukerak erabat aprobetxatzeko”.​

“Elkarlaneko proiektuak sustatzen jarraitu behar dugu, gaitasunak batu eta lankidetza publiko-pribatua indartu. Hemen ez da inor soberan; denok gara beharrezkoak ekosistema sendoago eta lehiakorrago bat eraikitzeko”, amaitu du.​

Batzar Nagusiak, gainera, Cybasquek berrikuntzaren, nazioartekotzearen, ekintzailetzaren eta euskal enpresa-sarearen gaitasunak indartzearen alde duen konpromisoa berretsi du, Euskadi Europako zibersegurtasunaren erreferente nagusietako bat bihurtzen jarraitzeko helburuarekin.//

Cybasque impulsa una iniciativa de entrevistas para dar visibilidad a sus empresas asociadas